Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko Neuro-Onkologiako taldeburu den Ander Matheu doktorearen koordinaziopean eta Lovell-Badge doktorearen (The Francis Crick Institute, Londres) eta Manuel Serrano doktorearen (CNIO, Madril) parte-hartzearekin egindako azterketa baten emaitzei esker, zelula amen jarduteko gaitasunari eusten dioten eta minbiziaren eta zahartzearen aurrean babesa ematen duten mekanismoen artean erlazioa dagoela egiaztatu da. Ikerlan hori Aging Cell aldizkari ospetsuak argitaratutako artikulu batean jaso da (online edizioa).
Aipatutako azterketaren emaitzek erakusten dutenez, p16Ink4a, p19Arf eta p53 tumore-ezabatzaileek, minbiziaren eta zahartzearen aurka babesten gaituzten geneak direnek, atzeratu egiten dute zelula amak aktibo mantentzeko gaitasunaren galera, adin berantiarretan gertatzen dena.
Giza gorputzeko organo guztiek birsortzeko gaitasuna dute (maiztasuna ez da berdina kasu guztietan) eta berritzeko gaitasun hori ahuldu egiten da adinarekin (adinean aurrera egin ahala, birsortzeko gaitasuna gutxitu egiten da). Zelula amak arduratzen dira homeostasi heldua egiteaz, hain zuzen ere, kaltetuta dauden eta/edo zahartuta dauden zelulak konpondu eta ordezkatu egiten dituzte, eta adinean aurrera egin ahala, zelula amen jarduteko gaitasuna ahuldu egiten da. Ondorioz, gorputzak ezin ditu behar den bezala konpondu edo ordezkatu kaltetutako ehunak eta organismoa zahartu egiten da. Horrez gain, zeluletan mutazio gehiago metatzen dira eta minbizia edukitzeko arriskua areagotu egiten da ondorioz. Orain arte ikuspegi esperimentaletik ezezaguna zen alderdi bat zelulen homeostasiaren eta minbiziaren garapenaren eta zahartzearen arteko orekaz arduratzen ziren mekanismo molekularrak dira.
Egoera argitzeko, Estefanía Carrasco-Garcíak eta Olatz Arrizabalagak, Biodonostiako ikerlariak biak, animali modelo baten (arratoia) garuna (garunaren jardunaren narriadura zahartzearen ezaugarri garrantzitsu bat da, eta zelula ama neuralen jarduteko gaitasuna gutxitzean gertatzen da) p16Ink4a, p19Arf eta p53 geneen kopia gehigarri batekin —bizitza erabilgarria luzatzen du eta minbiziaren aurkako babes gisa eta zahartzea atzeratzeko balio du— karakterizatu dute. Zehazki, Estefaníak eta Olatzek animali modelo horren zelula ama neuralen kopurua eta jarduera kognitiboa zehaztu dute adin desberdinetan, eta aipatutako geneen kopia estra arautu batek ama zelula neuralen jarduteko gaitasunaren galera atzeratzen duela eta adinarekin erlazionatutako narriadura kognitiboaren galera atzeratzen duela egiaztatu dute. Emaitza horiei esker, zelula-mailan minbizia eta zahartzea nola sortzen den ulertzeko mekanismo bat lortu da.





