Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuko Osasun Publikoko eta Ingurumen Epidemiologiako taldeak modu sistematikoan bildu ditu airearen kutsaduraren eta depresioaren eta antsietatearen arteko loturari buruzko ebidentziak. Ainhoa Bereziartua, Alba Jimeno-Romero, Mikel Subiza-Pérez eta Aitana Lertxundi ikerlariek lan honetan parte hartu dute eta lan honen emaitzak Environmental Research nazioarteko aldizkari zientifikoan argitaratu dira.

Jakina da aire-kutsadurak eragin kaltegarriak dituela osasun fisikoan, batez ere gaixotasun kardiobaskular eta arnas gaixotasunetan. Azken urteetan, gero eta ikerketa gehiagok iradoki dute aire-kutsadurak osasun mentalean ere eragina izan dezakeela, bereziki depresioan eta antsietatean. Hala ere, ebidentzia sakabanatua zen, ikerketa askok emaitza ezberdinak zituzten eta aurreko metaanalisiek ez zituzten kutsatzaile guztiak, esposizio-denborak edo COVID-19 osteko ikerketak kontuan hartu. Hortaz, lan berri honen helburua izan zen ebidentzia hori eguneratzea eta modu sistematikoan aztertzea, helduetan aire-kutsaduraren eta depresioaren zein antsietatearen arteko harremana argitzeko.

Lan honetan berrikuspen sistematiko bat eta metaanalisi bat egin ziren, 2025eko martxora arte argitaratutako 81 ikerketa barne hartu zituena. Azterketan trafikotik eratorritako aire-kutsatzaile nagusiak aztertu ziren (PM2.5 eta PM10 bezalako material partikulatua, nitrogeno dioxidoa eta karbono beltza), epe laburreko eta epe luzeko esposizioak bereiziz. Emaitzek erakutsi zuten bai epe laburrean bai epe luzean aire-kutsadurarekiko esposizio handiagoa izateak depresio eta antsietate arrisku handiagoarekin lotura zuela. Epe luzeko esposizioek izan zituzten lotura sendoenak, batez ere PM2.5 eta karbono beltzaren kasuan, baina epe laburreko kutsadura-gorakadek ere eragin txiki baina esanguratsuak izan zituzten.

Lan honen ondorio nagusia izan zen aire-kutsadura depresioa eta antsietatearen ingurumen-arrisku faktore garrantzitsua dela eta potentzialki aldagarria. Hala, emaitzek iradokitzen dute airearen kalitatea hobetzeak onura izan dezakeela, ez bakarrik populazioaren osasun fisikoan, osasun mentalean ere.

Ikerketa-taldeak azaltzen duen bezala “lan honek, depresioa eta antsietatea ez direla soilik faktore indibidualen edo genetikoen ondorio, eta ingurumen-baldintzek ere eragin handia dutela ulertzen lagundu dezake. Horrek prebentzio-estrategia zabalagoak susta ditzake, ingurumen-politikak eta osasun publikoaren neurriak barne hartuta”. Gaineratzen dute “pozik gaude egindako lanarekin, ebidentzia eguneratua eta sendoa eskaintzen duelako. Espero dugu emaitzak baliagarriak izatea ikerketa gehiago sustatzeko, erabaki politikoak informatzeko eta airearen kalitatea hobetzeko neurriak indartzeko”.