Urriaren 29an urtero ospatzen den Iktusaren Munduko Eguna dela eta, Institutuko Iktus Taldeak irteera bat antolatu zuen Adarra mendira aurreko igandean, hura bait da Ospitaleko Iktus Unitatetik egunerokoan duten bista.
Ospakizuna aprobetxatuz, Patricia de la Rivak eta Ileana Quiñonesek buru diren Institutuko Iktus Taldera hurbildu gara, arlo horretan egiten duten ikerketa-lana bertatik bertara ezagutzeko.
Zer alderdi ikertzen dituzue iktusari dagokionez?
Donostia Ospitaleko iktus unitateari lotutako ikerketa talde bat gara, eta iktusa izan duten pazienteekin harreman estuan gaude. Gaixotasunaren fase guztietan egiten dugu ikerketa. Gure proiektuak egunerokoan pazienteen maneiuan sortzen zaizkigun galderetatik sortzen dira, eta askotan pazienteen eta haien senideen ziurgabetasunetara bideratzen dira. Gaur egun, hainbat proiktu ditugu: iktus akutuan paziente batzuek besteek baino hobeto zergatik erantzuten duten ulertzeko, iktusaren jatorria detektatzeko dugun gaitasuna hobetzeko edo eskaintzen ditugun tratamenduen segurtasuna areagotzeko. Horrez gain, azken bi urteotan, iktusak pazienteengan eta haien zaintzaileengan duen eragin psikoafektiboa goiz detektatzera eta tratatzera bideratutako ildo bat ireki dugu. Ikerketa ildo oinarrizkoagoak edo fisiopatologikoagoak ere baditugu, neuroirudi teknika aurreratuen bidez gaixotasun honen bilakaera azaltzen duten mekanismoak ulertzea helburu dutenak.
Zertan hobetu dezakete ikerketa horiek gaixoen bizi-kalitatea?
Iktusa oso gaixotasun prebalentea da, eta desgaitasun handia eragiten du. Tratamenduarekiko erantzuna hobetzeak eta pazienteen errekurrentzia-arriskua gutxitzeak eragin argia du, bai pazienteen mailan, bai maila sozioekonomiko globalean. Gainera, badakigu iktusa izan duten pazienteen sintoma kognitiboek eta afektiboek eragin handia dutela haien bizi-kalitatean eta aurretiazko jardueretara itzultzean. Iktusa izan duten pazienteen arreta integratua eta globala hobetzeko, guretzat giltzarria da gure kontsultetan arreta gutxi izan ohi duten sintoma horiek modu ordenatuagoan aztertzea eta jorratzea. Horrela, azken urteotan, tronbektomiaren konplikazioak goiz detektatzea lortu dugu, tratamendu agresiboak saihestuz, iktusa eragiten duten arritmia-portzentaje handiagoak detektatuz eta, esku-hartze neuropsikologikoaren bidez, iktusa izan duten pazienteen egoera psikoafektiboa hobetuz.
Zer sentitzen duzue horrelako ikerketak egitean?
Gure ustez, ikerketak aukera ematen digu gure pazienteei eskaintzen diegun asistentziaren kalitatea hobetzeko, oso modu zuzenean. Pazientearekin dugun harremanetik sortzen dira proiektuak, eta haien emaitzek eragin zuzena dute, gure protokoloak emaitza horietara egokitzen baititugu.






