23/10/23
Irungo Oiasso Museoak eta Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuak indarrak batu dituzte “Zientzia – Historia – Zientzia” urteko zikloa martxan jartzeko. Ziklo honen helburua da herritarrek ezagutzea osasun-zientziak gure gizarteak historian zehar izan duen zeregina, eta horri buruzko eztabaidak eta hausnarketak bultzatzea. Horretarako, bi erakundeek partekatzen eta osatzen dituzten tresnak eta gaiak erabiliko dituzte: zientzia, dibulgazioa, historia eta osasuna.
Higiene, osasun eta medikuntza neurri askok gure bizi-kalitatea hobetu dute, bai banakakoa eta baita kolektiboa ere; hiriak antolatzeaz gain, hirigintza, eraikinak eta instalazioak ere aldatu ditu. Oiassoko Erromatar Museoa, bere hurbiltasunagatik, ingurune aproposa da egindako bide hori ezagutzera emateko, baita osasuna, osasungintza, zahartzea edo gaixotasuna bezalako gaien inguruko eztabaida eta elkarrizketarako proposamena egiteko ere.
Ziklo honi hasiera emateko, ura izango da gai nagusia. Hala, 2023an, “Ura, bizitza iturri” izenburupean, hainbat jarduera egingo dira urriaren 23tik 26ra bitartean Oiasso Museoan.
Jarduera guztiak 19:00etan izango dira Oiasso Museoan edo bertatik abiatuta eta doakoak izango dira.
Egitaraua
| Eguna | Jarduera | Parte hartzaileak |
| Urriak 23 | “Historia eta Zientzia: uretan islatutako bi begirada” solasaldia | Aizpea Goenaga (Oiasso Museoko zuzendaria) eta Itziar Vergara (Biogipuzkoa OIIko zuzendaria) |
| Urriak 24 | “Ura eta Osasuna” hitzaldia | Adolfo López de Muniain (Neurozientzien arloko burua Biogipuzkoa OIIn) |
| Urriak 25 | Zinea eta solasaldia:
– L’ aigua a les termes o banys públics d’Ilturo a ca l´Arnau – Ingenieria romana: Acueductos II |
Cristina Ubani eta Mertxe Urteaga |
| Urriak 26 | Irungo iturri esanguratsuenen bisita gidatua eta uraren inguruko poemen irakurketa | Ana Pérez, Aizpea Goenaga eta Koldo Garcia |