Alexander Muelak, Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuko Osasun Mentaleko eta Asistentzia Psikiatrikoko taldeko ikertzaileak, koordinatu du nerabeen jokabide suizidaren arrisku-faktoreak aztertzen dituen lan bat. Ikerketa honen emaitzak argitaratu egin dira Child and Кent Psychiatry and Mental Health nazioarteko aldizkari zientifikoan.

Hainbat ikerketek erakutsi dute portaera suizidak gora egin duela 12 urtetik aurrerako nerabeetan. Horregatik, lehentasunezkoa da nerabeen arrisku suizida garaiz detektatzeko eta ebaluatzeko sistema eraginkorrak ezartzea. Estatu Batuetan, esaterako, lehen mailako pediatria-arretan baheketa-tresnak erabiltzea bultzatu da. Hala ere, ideia suizidak baino ez dira kontuan izaten, nahiz eta ebidentzia askok zalantzan jartzen duten arriskuaren adierazle bakar gisa duten fidagarritasuna. Ondorioz, nerabezaro goiztiarrean arrisku suizida detektatzeko aldagai osagarrien erabilgarritasuna aztertzea izan zen azterlan berri honen helburu nagusia. Neurri horiek, min mentala bereziki, arriskuaren ebaluazioa hobetu dezaketen aztertzea planteatu zen, ideietan soilik oinarritutako ikuspegien mugak gaindituz.

Ikerketa honetan, 657 neraberen datuak aztertu ziren, jakiteko zenbateraino ahalbidetzen duten suizidio-saiakerak aurreikustea min mentalak (sufrimendu psikologiko bizia eta subjektiboa), kognizio suizidek (suizidioa errazten duten sinesmenak), depresioak eta harrapaketak (ihes egin ezin duen egoera batean harrapatuta egotearen sentsazio bizia eta iraunkorra). Azterketa hori hiru fasetan egin zen, lortutako emaitzen baliozkotasuna eta sendotasun estatistikoa ziurtatzeko.

Emaitzek erakutsi zuten min mentala dela bizitzako etapa honetan suizidio-saiakeren aurresale sendoena eta fidagarriena, beste faktore batzuen gainetik, hala nola kognizio suizidak, harrapaketa eta depresioa. Hala ere, bai kognizio suizidek eta bai harrapaketak ere iragarpen-gaitasun esanguratsua erakutsi zuten, behatutako aldakortasunaren ehuneko garrantzitsu bat azaltzen baitute. Bi faktore horiek, min mentala gainditzen ez badute ere, informazio baliotsua ematen dute arriskuaren ebaluazio osoagoa egiteko. Bestalde, aipatzekoa da depresioa, PHQ-A galdetegiaren bidez neurtua, ez zela besteak bezain eraginkorra izan: arriskuan zeuden nerabeak identifikatzeko baliagarritasuna min mentala, harrapaketa edo kognizio suizidak baino txikiagoa izan zen.

Horregatik guztiagatik, ondoriozta daiteke min mentala funtsezko elementua dela arrisku suizidaren ebaluazioan, eta lehentasun gisa txertatu beharko litzatekeela detekzio goiztiarreko eta prebentziozko esku-hartzeko estrategietan. Bere predikzio-gaitasun sendoak funtsezko tresna bihurtzen du testuinguru klinikoetan eta hezigarrietan. Min mentala iragarle onena bezala nabarmentzen bada ere, kognizio suizidekin eta harrapaketarekin konbinatzeak arriskuaren ikuspegi osatuagoa lortzea ahalbidetzen du. Gainera, emaitzek zalantzan jartzen dute depresioa, berez, arrisku suizidaren adierazle espezifikoa izatearen ideia. Litekeena da depresio-maila handiak dituzten nerabeek beren buruaz beste egiteko asmorik ez izatea, eta min mental handia edo harrapatuta daudenek, berriz, bai, nahiz eta sintomatologia depresibo nabarmenik ez izan.

Ikerketa honen emaitzek zuzeneko ondorioak dituzte praktika klinikoan. Min mentalaren ebaluazioa beste faktore garrantzitsu batzuekin batera txertatzeak, zehaztasun diagnostikoa hobetu dezake, eta negatibo faltsuen kopurua murriztu pediatriako arretan edo larrialdi-zerbitzuetan. Horrek esku-hartze goiztiarragoa eta eraginkorragoa ahalbidetuko luke, bereziki beren buruaz beste egiteko arrisku handian egon litezkeen nerabeen kasuan, baina ez dute ideia espliziturik erakusten, ezta depresio-maila handirik ere.

Ikertzaileek aitortu dutenez, “Lan hau egiteak emozioen nahasketa eragin digu: erantzukizuna, motibazioa eta itxaropena. Erantzukizun handia sentitzen dugu, gai delikatu eta guztiz mingarri bati heltzen diogulako, hala nola nerabezaroko suizidio-saiakerei. Aldi berean, ikuspegi zientifikotik ezagutza baliagarriak eta testuinguru kliniko eta hezitzaileetan aplikagarriak emateko aukerak motibatu gaitu. Eta espero dugu emaitza horiek nerabezaroan sufrimendua hobeto ulertzen eta prebenitzen lagunduko dutela.” Gaineratu dutenez, “Azterlan honen emaitzak osasun mentaleko, hezkuntzako eta lehen mailako arretako profesionalentzat baliagarriak izatea espero dugu, arriskuan dauden nerabeak garaiz identifikatzen eta esku-hartze eraginkorragoak planifikatzen lagunduz“. Bereziki, min mentalaren garrantzia azpimarratu dute, funtsezkoa izan baitaiteke ebaluazio-protokoloak hobetzeko eta suizidioa prebenitzeko estrategia eraginkorragoak diseinatzeko. Hala, espero dute “lan honek nerabe askok jasaten duten sufrimendua hobeto ulertzen laguntzea, eta ezagutza hori laguntza-sistema azkarrago, gizatiarrago eta eraginkorrago bihurtzea“.

Ikerketa hau posible izan da osasun, unibertsitate eta nazioarteko erakundeen arteko lankidetzari esker. Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko (Osakidetza) ikertzaileek, Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketako Institutuak, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Neurozientzia Sailak, UPV/EHUko Psikologia Kliniko eta Osasun eta Portaera Zientzien Metodologia Sailak eta Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutuak parte hartu dute. Ikerketa-taldeak Ohio State University Wexner Medical Centerreko (Estatu Batuak) Department of Psychiatryko profesionalen nazioarteko lankidetza ere izan du, eta horrek azterlanaren ikuspegia eta irismena aberastu ditu. Azkenik, egileek eskertu dute “bereziki erakundeen laguntza eta aipatutako erakunde guztien inplikazioa, ikerketa hau garatzea ahalbidetu baitute“.