Abenduaren 1ean HIESaren aurkako borrokaren Mundu-Eguna ospatzen da, GIBak eragindako sindromea, hain zuen ere. Hori dela eta, gure Institutuan birus hori nola ikertzen jarraitzen den jakin nahi izan dugu, Patologia Infekziosoak eta Osasun Globala ikerketa-taldeko lankideen eskutik, Maialen Ibargurenek eta Francisco Carmonak zuzentzen duten taldea.

GIBaren zein alderdi ikertzen dituzue?

GIBa duten pertsonen tratamenduan eta zaintzan aurrera egiteko funtsezko zenbait alderditan zentratzen gara. Erretrobirusen aurkako tratamenduaren eraginkortasunari eta efizientziari dagokionez, pazienteek egungo tratamenduei ematen dieten erantzuna aztertzen dugu, karga biral detektaezina mantentzeko eta porrot birologikoa prebenitzeko eraginkortasuna barne. Gainera, sendagaiekiko erresistentziarekin lotutako faktoreak eta tratamenduarekiko atxikidura nola hobetu aztertzen dugu. Ikertzen dugun beste alderdi bat arreta-modalitate berriak dira, arreta-eredu berritzaileak esploratuz, hala nola segimendu-programa pertsonalizatuen erabilera eta osasun mental eta fisikoko zerbitzu integratuak. GIBarekin bizi diren pertsonen erikortasun- eta heriotza-kausa nagusiak ere ikertzen ditugu, birusarekin zerikusirik ez duten gaixotasunak barne, hala nola gaixotasun kardiobaskularrak eta metabolikoak, epe luzeko konplikazioak prebenitzeko. Azkenik, saiakuntza klinikoetarako sarbidea dago, eta, horri esker, pertsonek sendagai berriak edo estrategia terapeutikoak probatzen dituzten azterketetan parte hartu ahal izango dute, eta, hala, azken belaunaldiko tratamenduak eskuratu ahal izango dituzte.

Zertan hobetu dezakete ikerketa horiek pertsonen bizi-kalitatea?

Alde batetik, tratamenduen optimizazioa dugu. Erregimenik eraginkorrenak eta seguruenak identifikatzean, terapiak pertsonalizatu ditzakegu, albo-ondorioak murriztuz eta atxikidura hobetuz. Gainera, konplikazioen prebentzioa dago, eta komorbilitateen kausak ulertzen ditugunez, prebentzio eta zaintza integraleko estrategiak diseina ditzakegu, bizi-kalitatea luzatu eta hobetuko dutenak. Berrikuntza ere hor dago; izan ere, terapia erosoagoen aurrerapenek, iraupen luzeko injekzioak edo botika berriak, adibidez, aukera ematen dute pertsonek interferentzia gutxiago izateko beren eguneroko errutinan. Azkenik, arreta gizatiarragoa eta eskuragarriagoa izatea dago. Arreta-eredu berritzaileei esker, pertsonek zaintza integralagoa jasotzen dute, eta horrek oztopoak gutxitzen ditu eta ongizatearen pertzepzioa hobetzen du.

Zer sentitzen duzue horrelako ikerketak egitean?

Oso konprometituak sentitzen gara, eta egiten dugunaren garrantziaz ohartzen gara. Ez da soilik zientzia, zuzenean bizitzak hobetzen laguntzea da. Gure ahaleginek GIBarekin bizi den norbaitentzat aldea, txikia bada ere, markatu dezaketela jakiteak asko motibatzen gaitu. Batzuetan lan zaila da, aurrerapenak ez baitira beti berehalakoak izaten, baina aurrerapauso bakoitzak, lortzen dugun datu bakoitzak, gogorarazten digu pertsona horientzat aukera hobeak dituen etorkizuna eraikitzen laguntzen ari garela. Gure ikerketetan parte hartzen dutenen istorioetatik eta erresilientziatik ere asko ikasten dugu; horrek oso ikuspegi baliotsua eta gizatiarra ematen digu.