Europako Ikerketa Kontseiluak (European Research Council, ERC) laguntza bat eman du Proof of of Concept (kontzeptu-proba) programaren barruan, bizkarrezur-muineko lesioetan karbono-nanohodiak nola aplikatzen diren probatzeko eta, hala, diagnostiko- eta terapia-tresna berriak garatzeko. Laguntza horren barruan, Núria Alegret dk.a, Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuan Ikerbaske ikertzailea, proiektu honen helburuak lortzeko beharrezkoak diren azterketa aurreklinikoen buru izango da.
Maurizio Prato Ikerbasque irakaslea buru duen CIC biomaGUNEko ikerketa-taldeak esperientzia handia du neuronak eta karbono-nanohodiak lotzen. Karbono-nanohodiak karbono-atomoz osatutako hodiak dira, zenbait nanometroko diametrokoak (metro baten mila milioiren bat da nanometroa), neurona-konexioak imitatu eta estimulatu ditzakeen euskarri artifiziala ematen dute, neuronek eta hodi horiek elkarri eragiten baitiote. Ondorengo esperimentuek, zelula-eredu konplexuagoak eta animalia-ereduak erabiliz, baieztatu zuten jarduera neuronala handiagoa zela haeuk nanohodiekin kontaktuan jartzen zirenean. Karbono-nanohodiz osatutako egitura horrek, pazienteen muin lesionatuan ezarrita, “muineko lesioak sortutako arrakala gaindi dezake, eta, hari esker, funtzio motorra eta zentzumen-funtzioa berriz itzul daitezke”, azaldu du Núria Alegretek, gaur egun Biogipuzkoako ikertzailea eta Prato Irakaslearen taldeko ikertzaile ohiak.
Muineko lesioak dituzten pazienteetan funtzio motorrak berrezartzeko soluzio berritzaile hori praktika klinikora eramateko bideak ondoz ondoko faseak gainditu behar ditu. Gaur egun, proiektua fase aurreklinikoan dago: “Giza paziente kronikoen lesioen antzekoenak diren lesio-kasuak aztertzen ari gara: muin-distantzia handia izatea; muina ebakita egotea eta orbaina izatea; eta muinaren lodiera osoari eragitea”, adierazi du Alegrete doktoreak. Teknologia hori probatzeko erronketako bat da giza muineko lesioak simulatzen dituen animalia-eredu berri bat lortzea, emaitzak praktika klinikora eraman ahal izateko, eta Alegret doktorea lan egiten ari da horretan.
Teknologia honen bideragarritasuna probratu ahal izateko, ikerketa taldeak ERC “Proof of Concept” laguntza lortu du, 18 hilabeteko iraupenarekin. Proof of Concept laguntzek aukera ematen dute Europako Ikerketa Kontseiluaren dirulaguntza jaso duten ikerketa-proiektuetan lortutako emaitzen potentzial komertziala edo soziala aztertzeko. Hala, ikertzaileek urrats berriak egin nahi dituzte bizkarrezur-muineko birkonexio-estrategiaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa frogatzeko, eta inplanteen diseinua eta ekoizpen-prozesuak, ugaztun txikien funtzio motorra berrezartze eta negozio-eredu bat diseinatzea hobetu nahi dituzte.
“Espero dugu proiektu honen amaieran behar diren datu guztiak izatea hurrengo faseetan aurrera egiteko, animalia handiekin, lehenik, eta saiakuntza klinikoetan, gero”, gaineratu dute ikertzaileek. Gaur egun, CIC biomaGUNEk eta Biogipuzkoa OIIk hitzarmen bat sinatua dute ikerketa-lanek aurrera jarraituko dutela bermatzeko. CIC biomaGUNEk bere gain hartuko ditu inplanteak garatzeko lanak, Pratoren zuzendaritzapean, eta, Biogipuzkoa OIIn, Núria Alegretek hartuko du azterketa aurreklinikoak egitearen ardura. Proiektuaren azken helburua, adierazi dutenez, “bizkarrezur-muina berriz konektatzea da, funtzioak berreskuratu daitezen eta nerbioek konektatuta jarraitu dezaten, eta, hala, horrelako lesioak dituzten pertsonen funtzio motorrak suspertzea”.






