Amaia Cipitria gure lankidea, Bioingeniaritza Birsorkuntzan eta Minbizian taldeko burua, Ikerbasquek saritu du bere ikerketa-lanagatik. Aintzatespen horiek Euskal Autonomia Erkidegoan beren karrera zientifikoko hainbat estadiotan ikerketa-lana egiten duten hiru emakumeri egiten zaizkie. Bere ikerketa esparruan lidergoa lortzeagatik egin diote aitortza Amaia Cipitriari. Amaiarekin gure poza eta zoriontasuna partekatzeko, jaso duen sari honen inguruan hitz egin dugu berarekin.

Zer sentitzen da halako aitortza jasotzean?

Lehenik eta behin, sorpresa handia izan da niretzat sari hau jasotzea. Gero, poz handia sentitu dut Ikerbasquek Euskadiko emakume ikertzaileak ikustarazteagatik. Maila pertsonalean, niretzat pozgarria da ikustea urte askotako lanak bere fruituak ematen ari dela, eta horietako nagusia nire ikerketa taldea da, zeinekin egunero lan egiten dudan eta elkarrekin gure laborategia eraikitzen ari garen.

Sari honen testuinguruan, zer nabarmenduko zenuke gehien zure ibilbidetik?

Batez ere, Ikerbasquek eman didan aukera paregabea Euskadin ikertzaile lanean jarraitu ahal izateko. Hau ez zen prozesu erraza izan: urte asko izan ziren atzerritik itzulerako bidea egin nahian. 2004an joan nintzen nire doktoretza egitera, eta 17 urte geroago itzuli nintzen, 2021ean. Ikerbasqueri esker, Euskadira itzuli eta Bioingeniaritza Birsorkuntzan eta Minbizian arloko ikerketa talde berri bat ezarri ahal izan nuen hemen.

Zer esango zenieke sari hau jasotzen ikusi zaituzten emakume ikertzaileei?

Nire seme-alabei esaten diedan gauza bera esango nieke, bi gauza: lehena, amestera ausartu daitezela, zer egin nahiko luketen imajinatzera, zertan bilakatu nahi diren. Eta bigarrena: amets horiek gauzatzeko bideak bila ditzatela.